2010/05/04


ESKOLA-JAZARPENA

Zer da eskola-jazarpena:

Gaur egun, eskola-jazarpena Bullying izenarekin egin da ezagun gizartean. Ingelesez, bully berbak harroputz edo ahoberoa esan nahi du. Hortaz, zer da bullyinga? Ikasle batek bere ikaskide bat menpean hartzeko egiten duen jazarpenari deitzen zaio bullyinga. Irainak, etengabeko eraso fisikoak, jendaurreko umiliazioak, derrigortutako beharrak, txantxa astunak edota ageri-ageriko gutxiespenak dira ikasle batek beste bati egin eta eskola-jazarpentzat hartzen direnak.

Eskola-jazarpena gertatzen ari dela jakiteko, ondorengo gauza hauek antzeman behar dira:

Zapaltzaile batek edo batzuek erasotu duten babes gabeko biktima bat egon behar da.
Desoreka egon behar da indartsuenaren eta ahularen artean. Desoreka hori indarrean, gorpuzkeran, maila sozialean eta psikologikoan agerikoa izango da. Hortaz, biktima babes gabe sentituko da beti.

Jazarpenak etengabea izan behar du, hots, jazarpena epe batez errepikatu egin behar da.

Normalean, jazarpena lagun bakar bati egiten zaio baina talde bati ere egin dakioke, hala ere, hau ez da oso ohikoa.

Nolanahi ere, eskolako jazarpena modu ezberdinetakoa izan daiteke. Jarraian aipatzen dira bullying eredu nagusienak:

Fisikoa: bultzatzea, ostikadak eta ukabilkadak ematea, tresnak erabilita jotzea. Jazarpen mota hau lehen hezkuntzan gertatzen da gehienbat.

Hitzezkoa: Iraintzea, jendaurrean gutxiestea edota biktimak duen gabeziaren bat behin eta berriz azpimarratzea. Azkenaldian, sakeleko telefonoa jazarpen mota hau egiteko tresna garrantzitsu bihurtu da.

Psikologikoa: norbanakoaren autoestima ahultzea dute helburu eta segurtasun eza eta beldurra gehitzen du.

Soziala: Norbanakoa taldetik aldentzea du helburu.

Bullyingak oso kalte txarrak eragin ditzake jasatzen duen ikaslearengan; eskola-porrota edota ikasteko zailtasunak, antsietatea, eskolara joateko beldurra edota arrisku fisikoak eragin ditzake, eta gehienbat, zapaldua den ikasleari garapena oztopatu diezaiokeen segurtasun eza eragiten dio.

Bullying fenomenoa beti egon izan da, mota guztietako ikastetxeetan, bai publiko zein pribatuetan, punta-puntakoetan eta marjinaletan, hiri handietan zein txikietan. Baina orain arte ez zaio inolako garrantzirik eman. Aitzitik, zenbait profesionalen ikerketek eta azkenaldian Giza Eskubideak defendatzeko sortu den kulturak pil-pilean ezarri dute eskola-ezarpenaren gaia.

No hay comentarios: